Noain-Elortzibarko udalerria Nafarroako erdigunean dago. Iparraldean, Aranguren Ibarra du mugakide; hegoaldean, Orbaibar eta Izarbeibar; ekialdean, Untzitibar eta Elo, eta mendebaldean, Galar Zendea eta Beriain.

50 km² inguru ditu, eta aldi berean, iparraldean, Taxoare mendia du mugakide; bertako gainak 750 m ingurukoak dira. Hegoaldean, berriz, Alaitz mendia du mugakide, eta bi gailur gorenak Alaitz (1.169 m) eta Txanburu (1.138 m) dira.

Ibar hondoan, Elortz ibaia doa, Ibarrari izena eman diona. Izkoko mendian sortzen da eta Argan isurtzen ditu urak, Ororbiatik hurbil.

Noain-Elortzibar herri hauez osatua dago: Noain, Imarkoain, Elortz, Dorre, Gerendiain, Iharnotz, Zabalegi, Zulueta, Oritz, Otao eta Ezperun.

PAISAIA

Elortzibarko paisaia, jakina, ez da beti egungoa bezalakoa izan. Duela 5.000 urte inguru, hau da, gizakiak hemengo bazterrak aldatzen hasi baino lehen, oihanez beterik zegoen.

Goialdeetan pagoa haziko zen, eta behealdeetan, berriz, erkametzak eta arteak (karraskak). Ibarrean egun ditugun basoak antzinako oihan handi haien azken aztarnak dira. Halaber, baziren ibaiertzeko basoak, eta bertan, makalak eta sahatsak hazten ziren.

Gizakiak bazterrak soildu zituen (baso gehienak moztu), nekazaritza lurrak lortzeko, bai eta aziendarendako bazkalekuak ere.

Animaliekin ere antzera gertatu zen, basa piztiak desagertu baitziren, hala nola katamotza, hartza, otsoa, basa zaldia, eta uroa (hau da, historiaurreko zezen antzeko bat).

Gaur egun, hainbat paisaia dira Elortzibarren nabarmengarri, hala nola Alaizko kaskoetako pagadia, hezetasun gutxi behar duen erkametza, alor lurrak, eta Elortzen ibai-bazterrak.

FLORA eta FAUNA

Pagoak leku hezeak eta euritsuak behar ditu, hau da, bero handirik gabeak. Pagoen ondoan, hainbat animalia espezie daude:

  • Narrastiak: sugandilak eta muskerrak.
  • Anfibioak: igelak eta arrabioak.
  • Hegaztiak: txantxangorria, txonta, aztorea eta zapelatza.
  • Ugaztunak: muxarra, katagorria, basakatua, azkonarra, azeria eta basurdea.

Erkametza hariztien familiako zuhaitza da. Hezetasunetik babesturik dauden lekuak behar ditu. Erkameztietan animalia hauek bizi dira:

  • Narrastiak: sugandilak, sugeak eta aspis sugegorria.
  • Anfibioak: apoak.
  • Hegaztiak: usapala, birigarroa, pagausoa eta txonta.
  • Ugaztunak: muxarra, azeria, erbinudea, katajineta, azkonarra eta basurdea.

Karraska edo artadia: lurzorurik pobreenetan hazten da, eta horren ondorioz, ez da asko garatzen. Arte mota honek ederki aurre egiten dio hotzari, bai eta hezetasun gutxiko klimei ere. Karraska basoetan, hainbat animalia espezie bizi dira:

  • Narrastiak: sugandilak eta sugeak.
  • Anfibioak: apoak.
  • Hegaztiak: zozoa, kukua, belea, mirua, belatza eta hontz ertaina.
  • Ugaztunak: azeria, azkonarra, basurdea, katajineta eta basakatua.

Elortzen ibai-bazterretan badira makalak, zumeak, ihitokiak eta kanaberadiak.

  • Ibaia ez da handia eta arrain espezie gutxi bizi da; barboak, loinak eta mazkarrak baizik ez, eta ur geldietan, berriz, badira apoak, igelak eta sugeak.
  • Hegaztietan, martin arrantzalea nabarmendu behar da. Halaber, badira ugaztunak, hala nola ipurtatsa eta ur-arratoia.

Elortzibarko azalera gehiena nekazaritzari lotua dago, eta garia nahiz garagarra dira nagusi zerealetan; halaber, koltza landarea, industrian erabiltzen dena.

  • Bestalde, alorretan badira ekilorea, oloa, eta baratzetan barazkiak.

1970ean, Elortzibarren lurzatien berrantolamendua egin zen.

KLIMA

Elortzibar trantsizio eremuan dago, klima mediterraneo lehor eta beroaren, eta klima ozeaniko heze eta epelaren artean.

Ibarra muga bioklimatikoa da; adibidez, badira olibondoak, mahatsondoak (jatorriz mediterraneokoak), eta aldi berean, Alaitz mendian pagadia dago.

Urtean, bana beste, 780 litro botatzen du urtea metro koadro bakoitzeko. Hilabeterik euritsuenak urtarrila eta otsaila dira, eta abuztua eta iraila, berriz, idorrenak.

Eskuarki, urtarrila da hilerik hotzena, tenperatura bana beste 5 º baita. Aitzitik, uztaila izaten da beroena, hozberoa bana beste 20 º baita.

X