Etxe zaharrenak eliza ondoan daude, bertan Erdi Aroko jatorrizko herria eraiki baitzen. XVI. eta XVII. mendeetan, beste etxe multzo bat eraiki zen, mendixkarantz; ate batzuek erdi-puntuko arkua dute eta armarriak giltzarrietan. XVIII. eta XIX. mende artean, goraxeago etxe dinteldunak eraiki ziren. XX. mendearen erdian, etxeak mendixka gainean eta zelaian egin ziren.
San Martin Toursekoaren eliza
Erromanikoa da, XII. mendean eraikia. Nabe batean kanoi-ganga zorrotza dago, eta parpain-arkuz bereizitako hiru tarte. Burualdea erdizirkularra da eta labe-ganga zorrotza du. Barroko garaian, alboetan bi kapera ireki zizkioten, eta atari bat ere jarri zuten ate erromanikoaren gainean. Erretaula XVII. mendean egina da eta San Martini eskainia dago. Egilea Joan de Gasteluzar izan zen. Martin Etxeberriak, bere aldetik, Gurutziltzatuaren erretaula bat egin zuen. Horrez gain, badago Ama Birjinaren eta haurraren irudi erromaniko bat ere, XII. mendekoa.