NEKAZARITZA

Geografia-kokapenari begira eta klimak eraginda, beraz, Noain-Elortzibar leku oso ona laboreak, ekilorea, koltza eta abar lantzeko. Hori dela eta, antzinatik hona, nekazaritza ustiapen nabarmenak izan dira gure Ibarrean. Honatx, horren adierazgarri, 2002an nekazaritzari eskainitako azalera:

  • Gari beratxa: 1.436 hektarea
  • Garagarra: 344 hektarea
  • Oloa: 116 hektarea
  • Ilar lehorra: 232 hektarea
  • Ekilorea: 107 hektarea
  • Koltza: 33 hektarea
  • Alpapa eta zalkea bazkarako: 18 hektarea
  • Baso lurrak: 249 hektarea
  • Larre eta bazkalekuak. 1.401 hektarea

Kontuan harturik Elortzibar luze-zabaleran, guztira, 4.824 hektarea direla, ikus daiteke gurean nekazaritza erabat dela nagusia. Azken 50 urtean, dena dela, industriarantz eta zerbitzuetarantz jo dugu aurrera, industrialdeak sortu, eta lantegi garrantzitsuak finkatu baitira.

Aldaketa teknologiko handiei esker, eta nekazaritza-makineria erabiltzearen ondorioz, gaur egun biztanleriaren % 4 baino gutxiago bizi da nekazaritza eta abeltzaintzatik Noain-Elortzibarren.

ABELTZAINTZA

Mendez mende, Elortzibarko herrietan, familiek azienda gobernatu izan dute, familia mailako ustiategiak izan dira; hau da, txerriak, untxiak, oilaskoak, ardiak, etab, etxekoen kontsumorako.

Horrez gain, lurrean lan egiteko abereak zeuden. 1935ean, esaterako, behi aziendan 334 buru ziren; zaldi-aziendan, 178; mando-aziendan, 76, eta asto-aziendan, 19. Baina mende hasieran izaniko nekazaritza iraultzaren ondorioz, aziendak horrek behera egin zuen nabarmen.

Gaur egun, badira ardi-azienda ustiategi txikiak Noainen eta Ibarreko beste herri batzuetan, baina ez zute garrantzi berezirik udalerriko ekonomian.

INDUSTRIA

Noain-Elortzibarko aldaketarik handienak azken 50 urtean gertatu dira, industrializazioaren ondorioz; industria, batez ere, Ibarraren mendebaldean sustraitu zen, Noainen bereziki, eta askoz ere hein txikiagoan, Imarkoainen. Beriaingo potasa-erauzketaren inguruan eta Iruñeko industriaren periferian kokatua egonik, toki ezinago hobean dago gure udalerria industria erakartzeko.

Industrializaziori esker, geldiarazi egin zen Ibarreko jendearen migrazio-joera. Izan ere, jendeak hemendik alde egiten zuen lan bila, baina industria iristearen ondorioz, jendea hona etorri zen hemengo lantegiek erakarrita.

Gaur egun, Ibarreko jende landunaren % 55 inguru industrian ari da, eta % 41, berriz, zerbitzuetan.

Baina, zenbakien atzean bestelako egoera bat dago; hau da, 1990era arte, Ibarreko bi tokitara iritsi ziren azken eraldakuntzen eraginak; batetik, Noainera, beti kokapen pribilegiatuan eta lantegien gune, eta bestetik, Imarkoain, Potasas herrixkatik hurbil zegoelako. Gainerako herrietan bizimodu tradizionala mantentzen zuten.

Orain arte, Noain-Elortzibarko industria jarduerarik garrantzitsuenak produktu metalikoen, nekazaritza-makinen eta etxetresna elektrikoen fabrikazioa izan dira, 20 bat lantegitan. Zurgintzak eta altzarigintzak 7 lantegi dituzte Ibarrean. 10 enpresak eraikuntza dihardute, eta Ezperunen, berriz, badago minerala erauzteko lantegi bat.

Lantegi gehienak Noainen, Imarkoainen eta Elortzen daude. Elortzibar, beraz, Iruñeko metropoli-eremuaren ataria da. Horren seinale da gurean handizkako merkataritza establezimenduak gurean kokatuta daudela Iruñerria hornitzeko. Bestalde, komunikazio-sare garrantzitsuak ditugu hemen.

Azken hamabost urtean, lantegi batzuk ixtearen ondorioz, Ibarreko jende aunitz lanik gabe gelditu zen; Industrias Mocholí (altzarigintzan) eta Potasas de Navarra (meatzaritzan).

Egoera hori arindu da, industrialdeak sortu izanari esker; gehienak Noainen bertan. Horrela, Elortz industrialdea (Mocholi zaharraren lurretan), Noain-Ezkirotz industrialdea, Talluntxe industrialdea (I eta II faseak), Meseta de Salinas industrialdea, Arbide industrialdea, Imarkoaingo Bidea). Halaber, Dorreko eta Imarkoaingo industrialdeak aipatu behar dira, eta bereziki, Iruñeko garraio Hiria sortu izana, gehien-gehiena Orizko lurretan kokatua.

Era berean, Noain-Elortzibarko hainbat enpresa aipatu behar dira bereziki, haien tamaina, tradizioa, enpresa-ibilbidea eta garrantzia direla eta. Hona hemen: Mepamsa (etxetresna elektrikoen fabrikazioa); M. Torres Diseños Industriales (aerosorgailuen eta beste material batzuen ikerketa, diseinua eta fabrikazioa) eta Nissan Forklift España, S.A. (orga jasotzaileak).

Horrez gain, Volkswagen lantegiak Landabengo industrialdean duen bultzada aipatu behar da, horrek ere enpresa asko ekarri baititu gure Ibarreko industrialdeetara automobilgintzari loturiko produktuak fabrikatzeko; beraz, gure udalerria Espainia iparraldeko eremurik industrializatuenetako bat da.

INDUSTRIALDEAK

Azpiegitura egokiei eta bide-sareei esker, Noain-Elortzibarren hainbat industrialde egin dira.

Gaur egun, Noain-Elortzibarren hainbat industrialde daude.

TALLUNTXE INDUSTRIALDEA (I ETA II FASEAK)

Herria: Noain (industrialdearen zati bat –II fasea– Arangurengo Udalerrian dago)

Enpresa kopurua (JEZn 2005ean): 180

Ezaugarriak: industrialdea Noain herriaren sarreran dago, Iruñea bidean. Egituraz oso ongi antolatua dago, kale guztiak seinaleztatuak daude, eta industria-pabilioi gehienak, zenbakituak.

Oso ongi kokatua dago komunikazioei dagokienez, hurbil baititu irteerak hala A-15 autopistara nola N-121 eta N-240 errepideetara; gainera, Iruñea-Noaingo aireportuaren aurrean dago, eta Renfeko Merkantzia Geltokitik hurbil samar.

 

MOCHOLI INDUSTRIALDEA

Herria: Noain.

Enpresa kopurua (JEZn 2005ean): 56, haietako asko CEIN barruan sartuak.

Ezaugarriak: Mocholí industrialdea (lehenago Elortz indurtaildea esaten zitzaion) Mocholi altzari lantegiaren lurretan egin zen. Gehienaren jabea Nafarroako Gobernua da; horregatik, bertan kokaturiko enpresa aunitzen kapital publikoa dute. Enpresa horien artean, Nafarroako Enpresa eta Berrikuntzarako Europako Zentroa (CEIN) nabarmendu behar da, instalazio garrantzitsuak baititu; esaterako, baditu industria-nabeak hasi berri diren industria txikiei alokatzeko, CETENASA, eta ASPACE.

Gainera, lur horietan beste enpresa pribatu batzuk ere kokatuta daude. Industrialdea hedatzen ari da.

Getzeko errepidean dago, Renfeko Merkantzia Geltokitik oro hurbil.

 

NOAIN-EZKIROTZ INDUSTRIALDEA

Herria: Noain (industrialdearen alderik handiena Galar Zendeako lurretan dago).

Enpresa kopurua (JEZn 2005ean): 83

Ezaugarriak: industrialdeko nabe gehienak txikiak dira, eta hasieratik ez du ez zuen horren hazkunde antolatua izan; horregatik, aurrekoek baino irudi desantolatuagoa eman dezake. Oso hurbil dago aireportuaren sarreratik, eta Talluntxe industrialdearen aurrean, eta horrek bezala ere, komunikazio bikainak ditu.

Lanak egin dira azpiegiturak hobetzeko, argiztapen, lorategi, kale eta abarrei dagokienez.

 

DORREKO INDUSTRIALDEA

Herria: Dorre

Enpresa kopurua (JEZn 2005ean): 17

Ezaugarriak: N-240 errepide nazionalean kokatua dago, eta udalerriko industrialderik zaharrenetako bat da. Bertako enpresa batzuk oso finkatuak daude.

 

GARRAIO HIRIA

Herria: Oritz – Imarkoain

Enpresa kopurua (JEZn 2005ean): 86. Dena den, gaur egun hazten ari da, eta datozen urteotan, kopuru horrek nabarmen eginen du gora.

Ezaugarriak: eraiki berri da, eta bereziki dago diseinatua garraio industrietarako. Nafarroako Gobernuak sustatu du. A-15 autopistatik sar daiteke, eta kokapen ezin hobea du komunikazioetan, eta instalazioen artean ere, TIR aduana du.

Oso ongi egituratua dago, eta instalazio modernoak ditu; beraz, toki ezin hobea da garraio eta logistika arloko enpresa ororentzat.

Industrialde hau hedapen betean ari da, eta bi fase garatu dira. Gaur egun, hirugarrena eta laugarrena garatzen ari da..
Horrenbestez, industrialdeei eskainitako azalerarik handiena duen udalerrietako bat da gurea Espainiako iparraldean; aberastasuna eta lanpostuak sortzen dira, ez bakarrik Elortzibarko auzokideentzat, Iruñerri guztirako baizik.

X