Alaitz Mendiaren hegoaldeko malkar batean dago, Gerendiainen. “Diablo-Zulo” esaten diote eta historiaurreko aztarnategi garrantzitsuak agertu dira. Aztarnak Goi Paleolitikoak dira (harriz egindako tresnak eta armak), baina Brontze Aroko nahiz Burdin Aroko aztarnak ere badira, bai eta zeramika erromatarra ere. Tamalez, behar bezalako baimenik gabe induskatu da eta berez behar lukeen zorroztasun zientifikorik gabe. Kobazuloan, ziurrenera, Ibarreko lehen biztanleak bizi izan ziren.
Halaber, Neolitoko eta Brontze Aroko aztarnak aurkitu dira Alaitz Mendiko toki askotan, bi isurialdeetan: silexezko zenbait foliazeo, era askotako multzo mikrolitikoak eta zeramika hondarrak. Andrikainen tresna leundu bat aurkitu zen; zaila da zer den esatea, baina ziur aski aizkora bat da. Antzeko gauzak agertu dira Otaon, Imarkoainen, Noainen eta Alaizko baserrian. Ez da inolako zalantzarik Gerendiainen aurkitutako aizkora leundu trapezoidalaz. Baina, piezarik aipagarriena labana bat da, sastakai bat, artaz leundua, Imarkoaingo lurretan agertua. Gaur egun, Nafarroako Museoan dago ikusgai. 35 cm inguru du luzeran, zorrotza da, triangeluarra, kuartzoz egina, zurixka, eta orban beltzez margotua.