Antso Nagusiak ibilbide finko bat sortzea lortu zuen. Horrela, Frantziatik zetozen lau ibilbideak bakar batean bildu zituen, Garestik aitzina.
Lau ibilbide nagusi horietako batek zeharkatzen zuen Elortzibar (bide Tolosarra), eta Arles, Montpellier eta Toulouse aldetik zetorren. Izan ere, Pirinioak Somporten barrena gurutzatu, eta Jaka zeharkatu ondoren, Nafarroan Tiermas aldetik sartzen zen. Gero, erromesek Xabier, Zangoza eta Elora jo, eta Elortzibarren sartzen ziren. Bidea ibaiaren eskuinaldeko ertzean zihoan, eta San Blasko gurutzetik hurbileko zubi batetik igarotzen zen ibaiz bestaldera. Gero, Iharnozko dorre gotorturantz igotzen zen.
Bideak Alaitz Mendiaren hegala zeharkatzen du, Iharnotz, Otao, Ezperun eta Gerendiain batuta. Elo eta Tiebas-Arrizabalaga gune garrantzitsuagoak lotzeko tartea zen. Bi gune horietan, baziren erromesendako bi ospitale.
Maiz, lapurrek erromesei gauzak kentzen zizkieten. Horregatik, herri garrantzitsu samarretan, erromes aunitz elkartu, eta denak elkarrekin gure mendietako bide bakartien lasaitasunean barneratzen ziren. Ezaugarri bat zeramaten; maskorra edo “plecten jacobeus” deritzona. Belaunetarainoko zaia bat janzten zuten, ura pasatzen uzten ez zuen bizkarreko bat, eta kapela hegal zabala, oso egokia Nafarroan euritik eta hegoaldeko eguzkitik babesteko. Halaber, pordoi edo erromes-makila zeramaten, edaria eramateko kalabaza bat, katanarrua eta larruzko zorroa.
Horrela, bada, erromesek Alaizko oihanak gurutzatzen zituzten, Elo atzean utzita, eta ziurrenera, Arrizabalagara iritsi nahian, berriz ere ospitale baten aterpea aurkitzeko. Limosnari batek hartu, eta ogia eta ardoa ematen zien. Halaber, bainuak eta osasun zainketak hartzen zituzten, eta apez baten zerbitzua Jainkoarenganako barne-gogoari begira. Erromesa bidean hiltzen bazen (hori oso maiz gertatzen zen), ospitalekoek lur emanen zioten. Lainoa mendian zabaltzen zenean, ezkila batek egunez eta gauez jotzen zuen, erromes galduak ospitalerantz gidatzeko.
Donejakue Bideak, mendez mende, bere eragina sortuko zuen Iharnotzen, Otaon, Ezperunen eta Gerendiainen, bizimodua baldintzatzeraino.
BIDEA GAUR EGUN
Errekonkista garaiko hasierako mendeen goraldiaren ondotik (XI-XII mendeak), gero eta erromes faltsu eta gaizkile gehiago agertu ziren Donejakue Bidean. Era berean, Errenazimenduko kultura berriaren eraginez, pentsalariek eta Erreforma protestanteak kontra egin zioten. Donejakue Bidea ez zen inoiz desagertu baina gainbehera hasi zen, eta horrek luze iraun zuen.
Gaur egun, erromesak ez dira Alaitz Mendiko herrietan sartzen, eta ibilbide ofizialak gomendaturik, errepideari jarraikitzen zaizkio. Zorionez, Donejakue Bidearen Adiskideen Elkarteak Ibarreko hasierako bidea biziberritu nahi du; tarte bat, behintzat. Hori guztiz bat dator erromes berrien espirituarekin; izan ere, erlijioari bestelako arrazoiak erantsi dizkiote, hala nola kirola egin nahia edo bazterrak ikusi nahia; aldi berean, “Europa bideetan gauzatu” zelako ideiaren jatorrietara itzuli gara. Gaur egun, bidea ibiltzeko moduan dago, baina ez dago oso ongi, eta oraindik ere bada zer egin handia bere osoan berreskuratzeko.