Elortzibarren hainbat txango egin daitezke. Horietako bat eginen dugu; hau da, Elortz ibaia ikusiko dugu Otaoko zubiaren parean, eta gero Alaitz mendian gora joanen gara, Ibarreko bertako hiru baso motak bilatzeko: pagadia, erkameztia eta artadia (karraskadia). Baina bestelako txangoak ere egin daitezke, hala nola Taxoareko Mendia, Iharnozko Idoia (950 metroko altueran, Alaitzen), edota Diablo-Zulo izeneko kobazuloa, Gerendiain inguruan, baina azken hori baztertuko dugu, zaila baita haraino iristea.

Noaindik abiatuko gara, N-240 errepideari jarraiki (akueduktua eskuinean utzita). Gero, 13. km-an, Elortz parean, eskuineko nekazaritza-bide batek zuzenean Errotaldea alderdira eramanen gaitu, Elortz ibai bazterrean. Bideak Ibarraren behealdea gurutzatzen du, alderik zelaiena da, alorrez betetakoa: garia, garagarra eta industriarako koltza-landarea, batez ere. Koltza-soroak lore horiz betetzen dira urtero udaberrian. Gutxiago baina oloa, baba eta zalkea ere ereiten da. Mahastiek, ordea, atzera egin dute nabarmen; hala ere, oraindik badaude mahasti batzuk. Garai batean, ordea, nola-halako garrantzia izan zuten txakolina egiteko.

ELORTZ IBAIA

Bide horren bukaeran, Elortz ibaia topatuko dugu. Han berean, Erdi Aroko zubi bat dago erreka gurutzatzeko. Duela gutxi behealdea zaharberritu dute. Erdi-puntuko lau arkuz osatua dago. Han, XVIII. mende inguruko errota bat dago, eta errotak parajeari izena eman dio: Errotaldea. Zuhaitz batzuek itzal ederra ematen dute. Beraz, txoko hori abiapuntu ezin hobea da ibaian gora egiteko edo ibaiari jarraitzeko.

PAGADIA

Guztien artean, Ezperungo pagadia da gomendagarriena bisitatzeko, Ibarrean dirautenen arteko ikusgarriena baita. Pagadia, lehenago, Alaizko goialdeetan hazten zen. Egun, ordea, garai bateko oihanen hondarrak ditugu.

Pagoak leku ospelak eta itzaltsuak maite ditu, guztiak ere 800 metrotik gorakoak. Horregatik, Alaitz pagoaren hegoaldeko muga da Nafarroan, Izko eta Leire mendiekin batera. Oihan itzaltsu eta freskoa da, eta pagoen artean, gorostia, ezpela, otsalizarra eta haginak hazi ohi dira.

ERKAMEZTIA

Lehenago, erkameztiak Ibar zola guztia hartua zuen. Beraz, baso mota hori toki guztietan hazten zen, herriak eta lehen alorrak iritsi arte. Ibar zolako basoak erromatarren garaian hasi omen ziren mozten, eta gaur egun, baso txiki batzuk gelditzen dira Iharnotz, Ezperun eta Gerendiain inguruan, Alaitz mendiari dagokionez, eta Andrikaindik hurbil, Taxoareko mendian.

X