Erromeria Arrosariotako Ama Birjinera Zabalegin

Erromeria urrian ospatzen zen, “arrosarioaren hilabetea” baita. Ibarreko herri guztiak mezetara joan, eta ondoren, Ama Birjina prozesioan ateratzen zuten. Erromeria bere kofradiari egon zen lotua, bai eta herriko festei ere, egun horretan izaten baitziren. Orain, ez da erromeriarik egiten, baina jaia urriko lehen igandean egiten da.

Mendekoste erromeria Zabalegira

Galdua zen, baina duela zenbait urte, auzokideek eta Udalak berreskuratu zuten. Mendekoste bigarren egunean, Ibarreko herri guztiek prozesioan jotzen dute Zabalegira; prozesio bakoitzean herri bakoitzeko parrokiako gurutzea eta apeza joaten dira buru. Ezkilak jotzen dituzte, herriko jendea iristen denean, eta gurutzeek elkarri “agurtu” egiten diote. Ondoren, meza nagusia egiten da. Bukatzeko, prozesioa egiten da gurutze guztiekin eta Arrosariotako Ama Birjinarekin, Zabalegiko patroia baita, eta lehenagoko kofradiarena ere bai.

San Bartolome erromeria Elortzen

Abuztuaren 24an ospatzen zen, hau da, San Bartolome Egunean. Ibarreko herri guztietako jendea joaten zen; kofradiako kideak, batez ere. Erromeria joan den mendeko bigarren hamarkadan desagertu, eta San Bartolome ermita hilerri bihurtu zen.

Santa Barbara erromeria Elomendira

Lehenago, jendea Santa Barbararekin igotzen zen prozesioan Elotik Elomendiko kaskoraino, maiatzaren 3an. Jendeak “maiatzeko gurutzearen jaia” esaten dio. Erromeria Elomendi inguruko ibar guztietan egiten zen, eta ibar bakoitzak bere eguna zuen, mendira igotzeko. Horrela, Elortzibar “gurutzearen jaiaren” ondoko lehen larunbatean igotzen zen. Adinekoek diotenez, lehenago jendea goizaldean abiatzen zen, tokian tokiko apezak buru zirela. Behin ermitara iristean, meza entzuten zen, eta gero, alorrak bedeinkatzen ziren, eta Jaungoikoari eskatzen zitzaion Santa Barbarak uztak babestu zitzala.

Atzera etxera itzulitakoan, herrietan ezkilak jotzen ziren erromesak herrietara iristean, eta Kontzejuak afaria ordaintzen zuen.

Elortzen jaiari “Elizabesta” esaten zitzaion. Euskarazko hitzak dira, noski; erlijio-jaia. Elizak Elora joaten ziren guztiak saritzen zituen; hots, “hiru erregu gari, hiru pegar ardo, gehi hamaika erreal eta hamalau marabedi”, den-dena hasikinetatik edo primizietatik aterata. Elorzko usadio hori XIX. mendean galdu zen, Esparteroren gobernuak hamarrenak eta primiziak ezabatu zituenean.

Gaur egun, tradizioa mantendu da, baina maiatzaren lehen igandean egin ordez, beti maiatzaren 1ean egiten da. Meza eman eta alorrak bedeinkatzen dira; festa egun ederra izaten da.

X