Inauteak

Ibarreko jende zaharrak gogoan dauka gazteak etxez etxe joaten zirela eskean (arrautzak, lukainka, txistorra, urdaia…) eta afari bat egiten zutela.

Garizuma hasi aurretik, igandetik asteartera, Ibarreko herrietako mutilek inauteak prestatzen zituzten. Imarkoainen, buzoak, botak, kapelak eta tratularien blusa edo txamarreta janzten zituzten, mozorrotzeko. “Lastozko asto belarri handi bat” erretzen zuten, adineko batzuek esandakoaren arabera.
Noainen txarangak ibiltzen ziren. Gazteak karrikaz karrika ibiltzen ziren, gitarrak eta bandurriak jotzen, kantuan eta janari eskean. Inauteek hiru egun irauten zuten, igandetik Garizuma aurreko asteartera arte. Egun horietan, gazteek txerri-hankak eta -belarriak jaten zituzten, txerria lehenago hiltzen baitzen. Mozorroak debekatuta bazeuden ere, maskara batzuk jartzen ziren. Etxez etxe kantuan aritzen ziren. Adibidez, arestian aipatu dugun kopla berbera:

“La patrona de esta casa
es una santa mujer
pero más santa sería
si nos diera de beber.”

Elortzen, inauteek hainbat egunez irauten zuten, Garizuma aurreko larunbat eta igandean, eta “mozorro” esaten zitzaion pertsonaia ateratzen zen.

Ez dugu agiri idatzirik gure Ibarreko inauteriez; beraz, ezin jakin zer egiten zuten aurreko mendeetan. Datu gutxi ditugu, guztiak ere adinekoek ahoz emandakoak.

80ko hamarkadan, inauteriak bultzatu dira; bereziki, eskolan eta Noaingo Kultura Patronatuaren eskutik, eta haurren artean, arrakasta handia dute.

Ez ditugu ahaztu nahi bestelako tradizioak, hala nola Olentzero eta Errege Kabalkada Eguberrietan, Korpus edo Besta Berri eguneko prozesioak herri guztietan, Xabierraldiak, eta Aralarko San Migel Aingeruak Noainera egiten duen bisita.

Tortillaren jaia

Horrela esanen diegu haurrek antolatutako jai guztiei, ia Ibarreko herri guztietan egiten baitira, baina toki bakoitzean ezaugarri bereziak ditu. Ez dakigu noiz eta nola sortu zen, baina adinekoek gurasoengandik jaso zuten, eta horrek gutxienez XIX. mendera garamatza.

Gehienetan, eskolan antolatzen zen. Haur guztiak etxez etxe aritzen ziren eskean eta kantuan. Hainbat kopla izaten ziren, gure zaharrek gogoan daukatenez. Eskean bildutako puskak edo janaria etxe batean edo eskolan gordetzen ziren, herriaren arabera, eta han tortillak egiten ziren

Horrela, Dorre eta Zabalegiko haurrek elkarrekin ospatzen zuten, eskola berera joaten baitziren, eta haur bat “San Gregorio apezpikua” balitz bezala janzten zuten, eta apezpikuari buruzko koplak abesten zituzten. Ez dakigu nola sortu zen jaia eta zergatik duen zuzeneko lotura Santuarekin.

Hona hemen haurrek eskean zer abesten zuten:

San Gregorio Coronado,
Obispo fue bien honrado,
San Nicolás a la puerta
Aguardando respuesta.
Aquí estamos varios
Cantaremos todos,
Una limosnita
Por el amor de Dios.
Si nos la dan,
O no nos lo dan,
Las gallinitas
Lo pagarán.
La patrona de esta casa
Es una santa mujer,
Pero más santa sería
Si nos diera de beber.

Zenbait urtetan, bildutako dirua misioetara bidali zen.

Imarkoainen, egunari bukaera emateko, Orizko kaskora oinez joaten ziren, eta gero, askari bat egiten zuten. Noainen, jai horrek ez du inolako loturarik arestian aipatu dugun Santuarekin; bai, ordea, inaute giroarekin, eta hurrengo igandean ospatzen zen. Jaiaren egitura berbera zen herri guztietan.
Baina herrietako eskola txikiak kendu, eta ikasle guztiak Noaingo eskolara joan ziren. Orduantxe galdu zen ohitura maite hori.

Gaztainen jaia

Haurrek festa txiki hori egiten zuten Domu-saindu egunean, arrosarioaren ondotik, Noainen.

Kalez kale kantuan joaten ziren, etxez etxe eskean, eta etxeko jaunari edo etxekoandreari eskatzen gaztainak bakoitik purrustaka botatzeko eskatzen zieten, haurrek arrapaladan hartzeko. Hona kopla baten letra bitxia:

“Txinurri, minurri,
échanos castañas,
y levanta el piturri”.

Oso jende gutxi oroitzen da ohitura horretaz.

“La enramada” Donibane gaueko suak

Ibarreko adinekoek gogoan daukate beti suak pizten zirela Donibane gauez, eta gazteak jauzika aritzen zirela sugarren gainetik. Zenbait herritan (Dorren eta Zabalegin, adibidez), gau horretan ate batzuk apaintzen ziren, fruta-arbolen adarrak erabilita (bereziki, gereziondoak), eta ohitura horri “enramada” esaten zitzaion.

Gau horretan, beraz, ogia, txorizoa eta alaitasuna izaten ziren nagusi.

Mutil-nagusiak

Fermin Erbitiren arabera, Elortzibarko herri gehienetan jaietako mutil-nagusien ohiturari eutsi zaio, duela zenbait urtetara arte. Horrela, herriko festak hasi baino egun batzuk lehenago, herriko gazteak bildu, eta urte horretako kintoen artean, bi mutil-nagusi aukeratzen ziren, biak ere ezkongabeak. Lehen mutil-nagusiak besteek baino diru gehiago ematen zuen jaietako gastuak ordaintzeko, eta gainera, bezperan, herrira jotzera joaten ziren musikariak afaltzera gonbidatzen zituen.

Jaiak hasi aurreko egunean, mutil-nagusiek txapeletan zinta gorriak eta berdeak paratzen zituzten, alde batera zintzilikatuta; 15 cm inguru. Aldi berean, bi neska-nagusi aukeratzen ziren, eta Noainen behintzat, mutil-nagusiekin batera aritzen ziren dantza dantzaldietan.

X