Orizko jauregia

XVI. mendeko eraikina da (Errenazimentukoa, beraz). Behealdea harriz egina da, eta goialdea, berriz adreiluz. Ateak arku beheratua du, eta lehen solairuan, lau balkoi handi daude.

Lehenago, jauregiak lau dorre txiki izan zituen, bat izkina banatan. Halaber, arkutxoz osaturiko galeria bat izan zuen goialdean, eraikinaren inguruan. Apaingarri horiei esker, jauregia aunitzez ere dotoreagoa eta ederragoa izanen zen.

Barnealdean, horma-irudi batzuk izan ziren. Egun, Nafarroako Museoan daude. Istorio baten arabera, Cruzat familiako kide bat gerrara joan omen zen protestanteen aurka borrokatzeko, eta itzulitakoan, gerrako kontakizuna margotzeko agindua eman zuen, garaipen hura gogoratzeko eta ospatzeko.

Gudua kontatzeaz gain, margolanetan Bibliako irudiak ageri dira, bai eta Erdi Aroko elezaharren bat ere.

 

San Adrian eliza

Erdi Aroan eraikia, baina XVII. mendean berritu zuten. Eliza kanpoaldea ikusten badugu, ohartuko gara Erdi Arokoa (behealdea) harriz egina dela; goialdekoa, aldiz, adreiluzkoa da, hau da, XVII. mendean egindakoa. Erretaula barrokoa du, mahats-mordoekin apaindua, eta goian, Cruzat familia ahaltsuaren armarria (Jauregiaren jabea baitzen) bi aldiz ageri da. Barnean, XVII. mendeko gurutziltzatu handi bat aurkituko dugu, eta XIII. mendeko Ama Birjin erromaniko bat ere bai.

X