HASIERA IHARNOTZ HERRIAN

Bigarren ibilbide hau Alaitz Mendiaren hegalean barna doa. Haraino iristeko, Noainen N-240 errepidea hartu, Elortz igaro, eta eskuinaldera eginen dugu Urrotz eta Arrizabalaga lotzen dituen errepide-gurutzean.

Donejakue Bideak Iharnotz herria topatzen du bidean, Elortzibarren sartzean. Izan ere, Erdi Aroaren hasieratik, erromesak Arles, Monpellier eta Toulouse aldetik iristen ziren, aspaldi-aspaldiko galtzada batean barna, Elortz ibaiaren eskuinaldeko ertzean. Erreka San Blasko gurutzearen ondoko zubi batetik igaro, eta Iharnotz aldera igotzen ziren. Gero, Otao, Ezperun eta Gerendiain aldera jotzen zuten, Ibarra atzean utzi, eta Tebas eta Arrizabalagara iristen ziren. Herritik herrira, Alaizko basoak eta bide meharrak zeharkatu behar izaten zituzten, eta baziren erromesendako bi ospitale.

Iharnotzen deigarria zaigu oso Erdi Aroko dorretxea, ziurrenera XIV. mendean eraikia. Erdi Aroko jauregi baten atala zen; beraz, jendea bizitzeaz gain, gotorleku hauta zen Ibar zola babestu eta zaintzeko. Dorretxean, jende ospetsua bizi izan zen, haietako bat Lope Iharnozkoa, hau da, Nafarroako errege Karlos III.a Noblearen ohorezko ezkutaria. Gerlari ospetsu hori XV. mende hasieran hil zen, Siziliako erregearen zerbitzuan.

Dorre horrek almenak eta bestelako gerra-elementuak ditu ments; zalantzarik gabe, eraikinaren tankera edertuko zutenak. Altuera erdian, silarria aldatzen da. Beraz, horrek esan nahi du bi alditan eraiki zela, edota berreraiki egin zela. Dorrea alde batera utzita, nabarmentzekoak dira Erdi Aroko herria osatu omen zuten zenbait etxe, bai eta ibai bazterreko errota eroria ere.

Natibitatearen eliza jatorriz Erdi Arokoa izanda ere, XVI. mendean aldaketa nabarmena egin zitzaion, gurutze-ganga berria paratu baitzioten. Erretaula barrokoa XVII. mendekoa da, eta Andre Mariaren jaiotza ageri da. Iharnotzen, halaber, Ama Birjina eta haurraren irudi bat dago, XIII. mendekoa.

Iharnoztik Otaora iritsiko gara, garai bateko erromesen bideari jarraiki.

OTAO

Herri txikia da, ia karrika bakarra duena, eta bi aldeetan Erdi Aroko etxeak; hots, ate gotiko arku zorrotzak eta leiho konopialak.

Oinetxea da nabarmentzekoa, XVI. mendeko jauregi tipologiari jarraikiz eraikia; hau da, bi solairuko lau tarte, erdiko patioaren inguruan. Eliza herriaren goialdean dago karrika buruan. Jatorriz Erdi Arokoa da, gaur egun leihoren batean, parpain-arku batean eta bataiarrian ageri denez. XVI. mendean, gurutze-ganda erantsi zitzaion, diseinu askotako izar-erako ganga eta sakristia, eta era berean, erretaulak; egun, beste eliza batzuetan daudenak. Halaber, taila gotiko bat dago, hots, Ama Birjina eta Haurra, egun Katedraleko Elizbarrutiko Museoan ikusgai.

Azkenik, deigarria zaigu Otaoko zubia, Elortz ibaiaren gainean. Erdi Aroko zubi ederra da. Erdi puntuko lau arku ditu, eta behealdea zaharberritu zaio. Haren ondoan, XVII. mendeko irin-errota hondatu bat. Zubia eta errota, erreka bazterrean eta zuhaitz itzaltsuak. Ibarreko tokirik ederrenetakoa da, eta merezi du merezi duenez hango bazterrak ikusi eta bertan pausatzea.

Otaoko karrika-herria utzi, eta Ezperun aldera joko dugu.

EZPERUNEN

Errepidetik ikusi beharko dugu, ez baitago barruan sartzerik; halaxe konformatu beharko. Bere garaian, Oinetxe bat izan zuen. Eliza Ama Sortzez Garbiari eskainia dago; hondatuxea dago, harrobiko leherketen eraginez, eta taila gotiko bat dauka: Ama Birjina Haurrarekin. Bereziki, bolizko gurutzea da nabarmentzekoa, balio handikoa. Horregatik, Elizbarrutiko Museoan dago ikusgai.
Gerendiain Elortzibarko herririk garaiena da. Inguruetako gainetatik ederki ikusten da Ibar zola, ibaiak gurutzatua eta herriz zipriztindua; atzealdean, Taxoareko Mendia eta Iruñerria daude.

Alaizko malkar batean, Gerendiain gainean, Diablo-Zulo dago. Kobazuloan Elortzibarko jendearen aztarnarik zaharrenak aurkitu dira, Paleolitikotik erromatar garaira bitartekoak. Zaila da kobazuloa bisitatzea, gidariek lagunduta baizik ez baitaiteke aurkitu.

Ibarreko beste batzuk bezalaxe, Gerendiaingo eliza Erdi Arokoa da jatorriz, trazari eta bataiarriari dagokienez. Gero, handitu, eta kanpoaldean, ataria erantsi zioten. XVII. mendeko erretaula barroko bat du; margolanean Kristoren bataioa eta Bibliako beste irudi batzuk ageri dira. Erretaulan ere bi armarri daude.

Gerendiainen, Donejakue Bidetik atera eta Oritza hurbilduko gara..

ORITZ

Urrutitik ikusita, jauregi handi eta sendoa zaigu deigarri, Kruzat familia noblearen oinetxea. Jauregi ezaguna da, hartan errege Filipe II.ak gau bat eman baitzuen, 1593an.

XVI. mendean eraiki zuten. Lehen gorputza harrizkoa da, eta bigarrena, berriz, adreiluz egina. Arku beheratu baten bidez sartuko gara barrura, eta lau leiho handi ditu. Lehenago, goiko solairuaren gainean arkutxoz osaturiko galeria bat zegoen; oraindik ere, atzealdean ageri dena. Halaber, lau dorre izan zituen; bat, izkina bakoitzean. Dorren aztarnaren bat gelditzen da.

Diotenez, Kruzat familiako kide bat Alemaniako protestanteen aurkako gerrara joan zen, Karlos V.a enperadorearen zerbitzuan. Itzultzean, fresko-pintura batzuk eginarazi zituen jauregiko areto nagusian, aipatu guduak irudikatzeko. Margolan horiek eta apaingarritako beste batzuk Nafarroako Museoan daude ikusgai. Bisitatu beharrekoak dira, Ibarreko historiaren pasarte bat kontatzen dutelako.

Eliza San Adriani dago eskainia, eta 1601ean handitu zuten. Berrikuntza kanpoaldean da agerikoa, material ezberdina baitago; hau da, Erdi Arokoa harriz egin zen, eta XVII. mendekoa, berriz, adreilu txikiz.

Barreneko erretaula barrokoa 1682an egin zen, eta estilo horren gehiegizko apainketa agertzen du; apainketa gai nagusia mahats-mordoak dira, eta kolore urdin eta gorri bitxiak daude. Goialdean, Kruzatarren armarria bi aldiz ageri da. Badago, halaber, tamaina handiko gurutziltzatu bat, XVI. mendekoa omen.

Oritz atzean utzita, Imarkoain joko dugu

IMARKOAIN

Ibarreko bigarren herria da garrantzian. Imarkoaingo alde zaharra elizaren inguruan dago. Eliza XVI. mendekoa da. Etxeetako ateak erdi-puntukoak dira eta giltzarrian armarria dute. Oinetxe izandako bat nabarmentzen da, eta Buruzuri izeneko etxea ere bai. Goitixeago, XVIII. eta XIX. mendeko etxe handi batzuk daude; garapen horizontaleko etxeak dira eta ate diteldunak dituzte. Azkenik, “alto” esaten dioten lekuan, XX. mende erdian eraikitako etxe multzo bat dago.

Eliza erromanikoa da, XII. mendean eraikia. Kanoi-ganga zorrotza du, hiru parpain-arkuk hiru tartetan zatitua. Burualdea erdizirkularra da, labe-erako gangarekin.

Barrokoan bi albo-kapera erantsi zitzaizkion. Erdi-puntuko ate erromanikoa dauka, lau arkiboltarekin, eta Errenazimenduan berreraikitako dorre bat.

Erretaula bat 1611koa da, Antxieta eskultore ospetsuaren ikasle izandako batek ondua. Halaber, badago XVII. mendeko gurutziltzatu bat eta XII. mendeko Ama Birjina erromaniko bat.

Imarkoaindik abiatuta, geldialdi bat eginen dugu, itzulbidean Ibarreko lanik gogoangarriena ikusi eta miresteko.

NOAINGO AKUEDUKTUA

1790 inguruan eraiki zuten, Ventura Rodríguez madrildar arkitektoaren zuzendaritzapean. Gizon horrek Iruñeko Katedraleko fatxada diseinatu zuen. Akueduktua ura Subitzako iturburutik Iruñera eramateko ubidearen tarte bat izan zen, eta Udalaren enkarguz egin zen, Elortzibarko desnibela gainditzeko, Erreniegaren eta Taxoareko mendiaren artean. Hasieran, 1.250 metroko luzera izan zuen eta 97 arku, baina gaur 94 daude. Izan ere, 1858an, zutabe bat eraitsi zuten, 8 metroko bi arkuren ordez, 18 metroko arku bat egiteko, trenbidea pasa zedin.

1974an, Nafarroako autopista egin zela eta, beste bi arku eraitsi ziren.

200 urtetik gorako ibilbidean, agerikoa da akueduktua ongi eraikia dagoela, zutik baitirau, eta ez dute hartan kalterik eragin, ez trenen, autoen eta hegazkinen bibrazioek, ez erasoek. Azken urtetan, Noaingo Akueduktua Kultur Ondasun izendatu da, eta azkenean, merezi bezalako berrikuntza egin zaio.
Behin akueduktua ikusi ondoren, Noainera itzuli, eta bigarren ibilbidea bukatutzat joko dugu.

X