Azken 10 urtean, errotik aldatu da Noaingo hirigintza. Izan ere, lehenago ez zuen espaloirik eta lorategirik, eta orain, aldiz, askoz ere itxura atseginagoa eta antolatuagoa du.

Ideia hori dago Zentzumenen Parkearen oinarrian. Parkearen helburua kalitate handiko lorategi eremu bat sortzea izan da, baina horrekin batera, bisitaria aberasteko eta entretenitzeko modukoa.

Ideia horretan sakonduta, parkearen tipologia zentzumenetarantz bideratzea erabaki zen, 5 gune ezberdin sortuta; bat, zentzumen bakoitzeko. Aldi berean, gune bakoitzak lorategi estilo berezia du, haren gaineko ezagutza jende artean zabaltzeko asmoz.

2006an, Noaingo Zentzumenen Parkea inauguratu zen eta 25.000 m2 ditu luze-zabaleran. Norberak elika dezake bere irudimena, gustu, usain, testura, soinu eta koloreen artean. Dena ederki antolatua, zentzumenekin jokatzeko.

Arestian esan dugun bezalaxe, parkeak bost gune ezberdin ditu, eta haietako bakoitza zentzumenetarantz bideratua dago: lorategi ingelesa, lorategi frantsesa, lorategi japoniarra, lorategi mediterraneoa eta lorategi jangarria. Parkearen erdigunean urmaela dago, gune horien guztien osagarri, eta gune bakoitzera joateko bidea ematen duena. Erdigune horretan ere behatokira igo gaitezke, ikuspegi zabala gozatzeko. Badago, halaber, ibilbide autogidatu bat parkean barrena, 800 metro luzerakoa, behar bezala seinaleztatua.
Aipatu behar da teknika ekologikoak erabili direla bai parkearen lorategian bai udalerriko guztietan, eta parkean badirela gaur egun 30etik gora zuhaitz espezie, 95 zuhaixka espezie eta 70 bat espezie landare bizikorretan nahiz garaiko loreetan. Halaber, basa fauna ugaritzen ari denez, parkea da zalantzarik gabe Noaingo hiri-dibertsitatearen gune nagusia.
Parkeak hainbat ahalmen ditu, baina haien artean dibulgaziozko erabilera ari da nabarmentzen gehien, hala helduen nola ikasleen artean. Izan ere, bisita asko izan ditu; adibidez, profesionalen talde ugari, ikastaro espezializatuetan ari den jendea eta gure geografia osoko 4.000 ikasle baino gehiago.

Parkea, beraz, Noaingo ezaugarria da gaur egun, eta erreferentzia Iruñerria guztirako, bisitatu eta gozatu beharreko lekuen artean.

Parkearen ordutegia
9:00etatik eguzkia sartu arte

Bisita gidatuak eta ikastaroak
948 07 48 48


LORENEA ZENTROA

Lorenea Noain-Elortzibarko Lorezaintza eta Baratzezaintza Ekologikoaren Interpretazio Zentro berria da, eta 2010ko ekainean zabaldu zen. Lorategi eta Agenda 21 Alorrak kudeatzen du, Varazdin Fundazioaren bidez.

Lorenea eraikin berezi zirkularra da, 200 metro koadro inguru ditu luze-zabaleran, eta Noain-Elortzibarko Udaletxearen eta Zentzumenen Parkearen ondoan dago. Eraikinean hainbat zerbitzu daude, Lorezaintza eta Baratzezaintza Ekologikoaren Interpretazio Zentroa, Lorategi eta Agenda 21 Alorra, Klima Aldaketaren Udal Bulegoa, eta Zentzumenen Parkearen bisitarien harrera etxea. Iñaki Urkia Lus arkitektoak diseinatua, Gonzalo Amunarrizek eta Lorategi eta Agenda 21 Alorreko langileek gauzatu dute.

Loreneak erreferentziazko gunea izan nahi du Udaleko Lorategi eta Agenda 21 Alorra azken urteotan garatzen ari den jarduera guztientzat. Eraikina eraikuntza bioklimatiko pasiboan dago oinarritua; horixe da haren ezaugarri nagusia. Hau da, oso bitarteko tekniko gutxi erabiliz saiatzen da energia aurrezten eta eraginkortasunez erabiltzen, hainbat neurriren bidez; orientabide zuzena, isolamendu handia, eta kanpoaldeko energia-ekarpen txikia barrualdea berotzeko; hots, egurra eta pelleta erabiltzen dituen berogailu bat da (iturri fosilen CO2 isurketarik ez dago). Argindarrari dagokionez, hiru modulu fotovoltaiko eta aerosorgailu bat paratu dira. Aurreikuspenen arabera, energia berriztagarriko sistema horiek eraikinaren energia-kontsumoaren % 75 emanen dute.

HELBURUAK

Udalaren eraikin bioklimatiko pasiboak oinarrizko bi helburu beteko ditu: batetik, karbono aztarna murriztea, betiere ingurumenarekin nahiz klimarekin bat jokatuz, eta aztarna ekologiko neutroa bilatuz; eta bestetik, udal iraunkortasunaren kudeaketa egitea, herritarrei ingurumeneko zerbitzuak eskainiz. Zerbitzu horien artean daude berdeguneak zaintzea, eta ingurumen, gizarte eta ekonomia iraunkortasunarekin loturiko jardueren eta proposamenen plana garatzea.

Helburu horiek lortze aldera, Loreneak berotegi bat dauka sarreran, bisitariari harrera egiteko lekua, alegia; Lorategi eta Agenda 21 Alorraren bulegoa eta Klima Aldaketaren Udal Bulegoa; elkarren ondoan dauden bi geletan erakusketa iraunkor bat dago ikusgai Noain-Elortzibarko berdeguneetan egiten den lorezaintza eta baratzezaintza ekologikoaz. Bi gela horietan, gainera, Zentzumenen Parkeko bisita gidatuak eginen dira, eta era berean, iraunkortasun arloko gaiei buruzko tailerrak, ikastaroak eta bilerak, era askotariko gaiak lantzeko, hala nola lorezaintza eta baratzezaintza ekologikoak, sendabelarrak, toxikorik gabeko etxeak, sukaldaritza naturala edota kutxa-habiak egitea, besteak beste. Gainera, kiosko-denda txiki bat zabaldu da, produktu % 100 ekologikoak saltzeko, haien onurak helduen eta ikasleen artean zabaltzeko, gero eta jende gehiagok kontsumitu ditzan.

Lorenea zabalik dago astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara, goizetan,eta 17:00etatik 20:00etara, arratsaldeetan, betiere maiatzetik irailera. Honatx harreman-telefonoa: El 607161012.

 

BISITA GIDATUAK

Loreneak antolatzen dituen jardueren artean, bisita gidatuen garrantzia nabarmendu behar da, Zentzumenen Parkea ikusteko. Bi bisita mota dira: 60 minutuko bisita soila Parkeak dituen guneak ikusteko, eta 75 minutuko bisita osotuagoa, guneak ikusteaz gain, elementu batzuk ere lantzeko, bisitarien artean banatzen diren fitxa batzuen bidez.

Orain arte, 60tik gora ikastetxe, elkarte, erretiratu elkarte eta bisita tekniko etorri dira Parkea ikustera. Guztira, 5.000 bisitari inguru. Beraz, Noainek kanpoaldera duen erakusleiho bikaina da.

Más información sobre actividades y visitas.

Cursos 2013.

X