Elortzibarko antzinako euskara berreskuratzeko tresna

Elortzibarko antzinako euskara berreskuratzeko tresna: Elortzibarko hiztegia sarean

Aitor Aranak bi hamarkada hauetan Nafarroako euskalki nagusia sakonki aztertu eta 20 ibarretako hiztegiak atondu eta argitaratu ditu, kasu batzuetan tokian tokiko laguntzari esker.

Hiztegi hauek euskararen erabilera suspertzen eta gure sustraiak ezagutzen laguntzen digute. Hainbat hiztegiren edizioak dagoeneko agortuta daudenez eta batik bat, guztiei batasun bat emateko asmoz, interneten jartzea pentsatu da, banaka eta denak batera. Dagoeneko 5 hiztegi jarri dira sortu berri den www.hegonafarrera.eus webgunean: Elortzibarko euskara, Odieta-Olaibarko euskara, Gesalatzeko euskara, Auritz-Orreagako euskara eta Artzibarko euskara.

Elortzibar-Noaingo Udalak laguntza eman du ibarraren hiztegia interneten jartzeko.

Elortzibarko euskarari dagokionez, L.L. Bonaparte printzearen sailkapenari jarraituz, Hegoaldeko goi-nafarrera da ibarrean daukagun euskalkia. Euskalki honek bederatzi aldaera zituen XIX. mendean, Bonaparteren arabera, adibidez: Oltza aldekoa, Olaibar aldekoa, Zizurkoa, Gares aldekoa… Koldo Zuazo euskalariak Elortzibarko euskara nafarra euskalkiaren barnean izendatzen du eta Iñaki Camino filologoak, hego-nafarrera.

Elortzibarko euskara XIX. mendean galdu zen. Baina horrek ez du esan nahi ibarrean euskaldunik ez dagoenik, 2001ean bertako biztanleen %4 omen zen euskalduna eta %8 ia euskalduna, Euskal Herria datuen talaiatik 2006 lanaren arabera.

Elortzibarrek nagusiki erdialdekoak diren formak hartzen ditu: arte, bekatu, ekarri, eman, erran, etorri, intxaur, urruti, zergatik… Baina Mendebaldekoren bat (bota…) eta Ekialdekoren bat (ainbertze, beiti, dorre, erte…) ere badago.

Aitor Aranak hiztegi hau egiteko lau iturri erabili ditu: Egile ezezagun bat (Maria Santisima Errosarikoaren predikua, Bonaparte ondarearen eskuizkribuetan), Nafarroako Gobernua (Toponimia y cartografía de Navarra XXXVIII), Luis Mari Mujika (Elortzibarko toponimia) eta Javier Larraioz (Estudios del Valle de Elorz).

Hiztegiak 617 sarrera ditu euskalkitik batura eta alderantziz.

Espero dugu internet jartzearekin, Elortzibarrek antzina erabili zuten aldaera hori ezagutzen eta agian erabiltzen berriro ikustea.